Berbaro elkartearen esperientzia aztergai
Hogei urte baino gehiago dituzte lehen euskara elkarteek. Urtetako lanaren ondoren, hainbat elkartek antzeko egoera bizi dute egun, nolabaiteko bidegurutzera heldu dira eta etorkizunerako bidea finkatzeko barne hausnarketan ari dira. Berbaro elkartea errealitate horren erakusgarri argia da eta Gorka BarruetabeƱak beraien ibilbidearen eta gaur egungo egoeraren berri eman digu bere hitzaldian.
1989an AED elkartearen erreferentzia eta ereduari jarraituz sortu zuten Berbaro, baina eredua Durangoko egoerara egokituz. Hasi eta denbora gutxian 300 bazkide eta 60 boluntario zituen Berbarok. Berbarok Durangoko biztanleen beharretara egokitzen asmatu zuen, Gorkaren iritziz. Ez zuten Berbaroko kideen neurrira egindako elkartea sortu, baizik eta Durangon euskaldunok zituzten beharretara egokituta.
Gorkak Berbaro elkartearen bilakaera osoa azaldu du bere hitzaldian: Berbaroren sorrera, finantzazio beharrak, Eraz, Anboto, Berbaro taberna, Plateruena Kafe Antzokia, gazteen arloa, haur literaturaren txokoa, aterpetxea, diseinua, Di-Da kooperatiba, sentiberatzea, euskara zerbitzua,…
Antzokia zabaldu ondoren Berbarok gogoeta garai berri bati ekin dio: Berbarok zerbitzu eta egitasmo berri asko sortu ditu eta orain zer egin behar du. Hiru bide hartzea erabaki zuten duela lau urteko gogoetan:
- Mintzapraktiken arloan lan egitea
- Haur eta gazteekin jarraitzea
- Etorkinen gaia lantzea
Azkenean, hausnarketarako lau gai utzi dizkigu Gorkak, jardunaldietan zehar lan egiteko balio duelakoan:
- Merezi al du indarrak inbertitzea horrenbeste azpiegitura sortzen? Ez da hobe agian ekitaldiak sortzea, azpiegiturak baino?
- Sentsibilizazio lana noren esku geratzen da halako azpiegiturak sortzen direnean?
- Azpiegitura horiek autonomo bihurtu dira denborarekin… horrek indarren sakabanatzea ekarri du nolabait. Ez al gara larregi zatikatu?
- Sortu diren guneek euskaraz funtzionatzen dute barrura begira, baina erdara asko entzuten da oraindik . Gure inguruan erdaraz eroso sentitzen diren erdaldunak erakartzen ez dugu asmatu.
Gorkaren ponentziaren testua hemen dago eskuragarri.


