TELP esperientzia

Hizkuntz minorizatuen hiztunentzat, ahozko komunikazioa ‘estresantea’ dela esan du Ferran Suayk, eta hizkuntz sumisioaren inguruan hitz egin du: aurrekoak egiten duen hizkuntzari beti men egitea ez da ‘kortesia’ ez eta aukeratutako erabakia er: beste erremediorik ez dago, eta beraz inposatutako kontua da.

Hizkuntz sumisio horrek bestelako ’sailkapenak’ gainditzen ditu: klase sozialaren araberakoa, kultura mailaren araberakoa, adinaren araberakoa, jerarkiaren araberakoa. Sumisio hori edozein ideologiako pertsonen artean suertatzen da (hizkuntz kontzientzia eta hizkuntz portaera ez datoz bat askotan) : talde euskaldun batean nahikoa da erdaraz ari den euskaldun bat sartzea, denak erdaraz aritzeko.

Portaeraren analisi funtzionala eskaini du horren aurka egiteko tresna gisa: euskararen erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu eta eskuragarriak direnen gainean eragin.

Hizkuntz sumisioa nola ikasten eta nola transmititzen den aztertu du Suayk: gaur egun legeek, komunikazio zailtasunek, konnotazio politikoek eta (hizkuntz) gatazka egoerak sortzen duen nekeak eragiten sortzen dute sumisio hori. ‘Deserosoa’ da euskaraz aritzea. Hori guztia zigorra da euskaraz aritu nahi duenarentzat.

Era berean, erdararen errefortzu positiboek inguratzen gaituzte, zigorren aldean, hauek ’sariak’ dira: gazteleraz hitz eginda ‘anonimotasuna’ mantentzen da (ez da norberaren burua lerratzen), hizkuntz ‘neutroa’ da, eta gainera, komunikazio zailtasunak ekiditen ditu.

Babesgabetasuna ikasten dugu: hizkuntza ukatzen digute, ‘zigortzen’ gaituzte, baina era berean behin eta berriro ukatzen digute halakorik gertatzen denik. Babesgabe gaudela ikasten dugu horren ondorioz (beti zigorra jasotzen dugu), eta horrek etsi egiten gaitu, deseroso sentiarazten gaitu euskaraz aritzean.

Hizkuntz jokabide sumisoa dutenak ere eredu gisa agertzen dira (euskara ez dakiten politikari eta famatuak) eta horiengandik nahi gabe ere ikasi egiten dugu, imitazioz. Idolo edo ereduak erdaraz ari badira, geuk ere haiek bezala aritzera jotzen dugu. ETB2k ematen duen eredua lotsagarria da zentzu horretan.

Antzekoa gertazen da umeei euskaraz egiten dieten bikoteekin: umeek ikasten dute euskara gurasoekin eta umeekin erlazionatzeko hizkuntza da, baina ez helduen artean komunikatzekoa. Umeak hazi eta helduen portaera imitatzen hasten direnean (helduak diren irudia eman nahi dutelako), helduen hizkuntza den gaztelera erabiliko dute.

Zer behar dugu normaltasuna lortzeko:

  1. Konzientzia: arazo bat dagoela jakitea, eta norbere portaerak arazo horretan eragiten duela zuzenean (arazo ekologikoarekin gertatzen da adibidez: erreziklatzea edo ura aurreztea garrantzitsua da), eta norberaren ahalmenen neurria ere ondo ezagutu behar da.
  2. Aurreko horrek, baina ez dakar berez sumisioa ekiditeko bidea zein den jakitea.

Bi puntu horiek osatzeko, baliabideak behar dira, eta horiek eskaini behar ditugu. Aukera batzuk eskaini ditu Suayk:

  • Estimuloetan eragitea: portaera ereduak aldatzea (euskaraz aritzen direnak hartzea eredutzat eta ez erdaraz aritzen direnak).
  • Hizkuntzaren aukeraren inguruko gertakariak aldatzea: gazteleraz egiteari uko egitea ere ‘edukazioz’ eta ‘errespetuz’ egin daiteke. Horrek, baina, bakarrik funtzionatzen du euskaldun guztiak sartzen bagara dinamika horretan. (Bat horrela badabil, baina hurrengoa erdarazhasten bada eskatzen zaionean, lehenengoak egindakoa alferrik galtzen da).

Horretarako ahalmena dute: botere publikoek, hedabideek, idolo eta pertsonaia ezagunek, eredu presentzialek (irakasleek, artistek, gurasoek…). Batetik legeak eta ohiturak aldatu behar dira, eta horrek ‘masa kritiko’ bat behar du, hizkuntz portaera horiei zilegitasuna ematen dietena. Masa kritiko horiek ez dute zertan handiak izan.

Erantzunetan eragiteko hiru bide proposatu ditu:

  • Zigorraren eragina gutxittzea: sare sozialak sortuz, bakardadea apurtzeko (euskara elkarteek horixe egiten dute), zigorrak prozesatzeko baliabideak emanez.
  • Errefortzuen eragina handitzea: sare sozialek horretan ere laguntzen dute: laguntza, helburuak konpartitzea…

Egunero egin ditzakegun kontuak (heroiak izan barik):

  • Lehenego hitza euskaraz egitea. Interokutoreak esango digu bestela nahi badu.
  • Ulertzen ez badigute, errepikatu, hizkuntz berean.
  • Gazteleraz hitz egiten digutenean, gazteleraz (baina horrek ez du esan nahi euskaraz ez dakienik). Baina planteatu: Nola eskatu du? Zer nahi/behar du? Zer nahi/behar dut?
  • Euskaraz ez badaki, galdetu zer hizkuntza dakien. Gaztelera ez da aukera bakarra.

Hori guztia sistematizatzeko TELP esperientzia jarri dute martxan. Batez ere asertibitatean oinarritzen da (hartutako erabakiak gauzatzeko erabakian). Era progresiboan planteatu behar dira helburuak (bestela gauzaezina suertatzen da, eta ondorioz, helburua bertan behera uzten da). Errazenetik zailera jo behar da.

SlideShare | View | Upload your own

Ferran Suay-ren hitzaldia (pdf)

Comments are closed.